XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

EUNGARREN ZENBAKIAN

Zorionak, Euzko-Deya

Ainbat kalte ta ondamendiren ixpillu dan guda anker bidegabeko au sortu ziguten egun santu batez.

Berak ixuriarazi ditun malo astun lakarrak batu ezkero, mendirik alkorrenak ere ur biurturik lirake.

Au zorigaitzaren aundia ! Au zigor beltza !

Euskaldunak diran bezelakoak izanik, nork sinistarazi bear zigun, iñork esku geiago zabaldu bear etzienetik ?

Nork esan bear zigun, geure arazoa ulertuko etzigutenik ?

Nork esan, mundua itxu ta gor agertuko zitzaigunik ?

Au zorigaitzaren aundia milla bider esanda ere ! Baña... jaunak : gure erri zarrak, jakintsu guzien buruauste ta kezka dan euzko abenda edo arrazak, au merezi ote zuan ?

Nolaz eta nundik genezazke onenbeste etsai ?

Zenbait eta zenbaitzuk etsai ta aurkalari izateak ez gaitu iñoiz kezkatu, ta aiñ gutxi mindu.

Benaz eta geiena mintzen gaituena, euskaldunak euskaldunan aurka armetan ikustea da; len txiki ta urria zan erri bat era ortan odolustea, ta Euskalerria betiko katepe ta zorigaitz'pean yartzera etorri direnakin batera eusko gaztedia geiago ez zutitzeko erortzea.

Ez au bakarrik.

Mugaz unutzko euskaldun anai askoren itxutasunak ematen digun biotzondokoa letraz agertu eziña da. Euskaltzalerik bikañen eta aipatuenak geure kontra mintzatzen eta idazten ari diran bezela aritzea iñolaz ezin ulertu deguna da.

Eurengandik ordu ta une guzitan galdera berdiña degu :

- Zuek kristau eta katoliko zintzoak izanda, nola bildu etzerate kristau ta katolikoen eredu dan Franco'ren gudarostean ?

- Nolaz urrundu zerate bere artaldetik ?

-Ta ori naikoa eztala, nola zuazte kumunista ta iñun diran gizatxar guziai esku emanda bere aurka ?

Amazazpi illabete ontan gertatu diranak ez dute gure aurkalarien gogo ta asmorik aldatu.

Gerra sortu ziguten lenengo egunetan egiten ziguten galdera egiten digute gaur ere.

Euzko gobernu ta Euzko gaztediaren yokerak orra nolako saria yasotzen duen.

Zuzentasunean, gizatasunean, eta gañuntzeko alderditara munduaren arrigarri izan diran euskaldunak, euskaldun anaiengandik lelo au entzuten egon bearrak malko ixurtzen yartzen gaitu.

Ta ainbat aldiz Sabin aztueziñaren zati ura bururatzen zaigu:

- Erri gaxoan jaio nintzan ni, zeure ill orduan eltzeko ; Zergatik ama, zeure semiak ez dira itxartzen ondiño?

Noiz arte au ?

Euzko Deya, Euzko Deya !

Zu izan zera ainbat gezurzulori argitasun arrigarriz trebeki erantzun diozuna.

Zu izan zera egiaren mandatari ziurra ; zu izan zera ainbat itxuren argiemalea ; zu izan zera ainbat gor entzuten yarririko astekaria.

Zu benetako euskalduna, zu gure izar gidaria !

Eungarren zenbakia kaleratzen dezun egun onetan, euzkotar guzien zorion agurra zeugan bear dezu.

Azken idazle txiro onena artzazu apalki.

Ta yarrai munduaren aurrean gure arazoa garbiki agertzen.

Azaldu gaur arte bezala, askok katoliko zintzotzat dauzkaten oiekin zergatik yuan ez geran, azaldu baitare iñungo gizatxarrai esku emanik ez gabiltzala; geure gauzak ditugula, baña geure geureak auzoarekiñ nastu ezin ditezkenak.

Axular aundiak Gero irakurgaia ospatsuan euskeragatik diona esan zuk Euzkadi'gatik :

Zeren Euzkadi ta beste errialdeak diferent baitira.

Zure lerro gozo dirdikorrak irakurriaz, amaseigarren mendean Dechepare aundiak bezala esango degu:

Euskaldun den gizon orok alcha beza buruia !

Ezi huien lengoaia izanen da floria.

Aurrera !

BASARRI.